XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

H. Mead-ek Nork Berak (Self) eta Ni (Me) bereiziz, pertsona erreala gizartekoa dela erakutsi digu, indibidualismoaren giza banakakoa abstrakzioa izanik, kolektibismoarena ere beste abstrakzioa delarik.

Bestalde, marxistek ondo azpimarratu dute jaiotzen den gizaki biologikoa gizartaratze prozesuan bilakatzen dela pertsona.

Pertsona, gainera, talde askotan kokaturik bizi da: klase sozialean, nazioan eta Estatuan, sailkapen kulturaletan, ogibideko taldetan, familian, status orokorrean, etab.

Horiek denek rol bat jokaeraziz, pertsona sujetoa baino aktorea gehiago dela esan dezakegu.

Pertsonaren identitatea, beraz, aktorearena denez, murgildurik bizi den talde guzti horietatik, aktiboki eta sintesi dialektikoan, nork berak sortzen duen autoirudia da identitatea.

Pertsona sujetu ta objetua, historiaren emaitza eta eragile bilakatzen da banakakotasuna eta gizartetasuna batera bilduz.

Azkenean, identitatea pertsonarentzat sinbolo bihurtzen da, Interakzionismo Sinboliko Eskolak azpimarratu duen bezela.

Barth-en etniaren fenomenoak aztergileen artean iraultza sortu du.

Orain arte, etniaren kontzeptuak kultura berdina zeukan taldea adierazten zuen; beraz, kulturak, objetuak azken finean, elkartuko lituzke pertsonak etnia batetan.

Ikusmira hori objetiboegi delakoan, etniaz baino talde etnikoaz hitzegitea proposatzen da orain.

Honekin zera adierazi nahi da: talde etnikoak biltzen dituen elementua, objetiboa bezain subjetiboa dela eta talde etnikoa, batik bat, identitate komuna daukan taldea dela.

Identitate hori, berriz, borondate komunak sortua delarik, talde etnikoen identitatea sinbolo bihurtzen dela, sinbolo subjetibo-objetiboa hain zuzen.

Bestalde, Naziotasunaren Psikologi Sozialari buruz, den-denek aitortzen dute gaur, nazioa kontzeptu subjetibo-objetiboa dela.

Ezbaiezkoetan erabakimen askatasuna.

Giza banakako bakoitza ezbaiezko egoeretan murgildurik bizi gara, esate baterako, ezkontza (ezkondu bai ala ez), maitasuna (norekin), ogibide eta lanbidearen aukeraketa, lagunen hautaketa, bizitzeko balioak, uste-sinisteak, etb.

Hala ere, erabakiak hartu beharrean aurkitzen gara.

Guzti horietan, Etikak eta Zuzenbideak bakoitzaren erabakimenaren askatasuna errespetatzea agintzen digute, oker ala zuzen erabakitzen bada ere.

Erantzunkizuna bakoitzak bere bizkar gainean hartu beharko du.

Erabaki-hartze aldetik begiratuta, pertsona, aktorea bai, baina sujetoa ere badela esan behar.

Bestalde, gizarteko bizitzan egoera politiko guztiak ezbaiezkoak direla esan dezakegu: konstituzioa eratzea, moeta guztietako legeak egitea, herriak gobernatzea, agintariak hautatzea, sindikal lanak, etb. etb.

Gizarte bizitzarako, berriz, oinarri eta zutabe bezala, demokrazia asmatu dugu.

Demokrazi kontzeptuak adierazten du, gizakien arteko erlazio guztietan askatasuna eta berdintasuna ezarri nahi dugula.

Berdintasuna eta askatasuna harremanetan eta erakundeetan mamitzea lortzen dugun heinean, demokrazia formala ezezik materiala ere ezartzera iritsi garela esango dugu.

Rousseau-ren haritik, gure egunotan, bai politikagintza bai sindikalgintza bai beste arloetan ere, gauzak demokratikoki erabakitzeko, borondate kolektiboa hartzen da erizpidetzat; eta borondate kolektibo hori gehiengoaren borondatean kokatu ohi da.

Borondate kolektiboa jarraitzea da, orokorki esanda, giza taldeen askatasunarentzat bide bakarra.

Borondate kolektibo hori errespetatzen ez denean, mendekeria, zapalketa eta harrapakeria azaltzen dira.

Herri erabakimenaren hiru atalak Herri erabakimenari buruz, lehen lehengo, ONUk eskubide honetaz egindako aitorpena aitatu behar, alegia Giza Eskubideen Hitzarmenean azaltzen den lehen artikuloa: Herri guztiek erabakimen askearen eskubidea daukate.

Eskubide honen eraginez, bere baldintza politikoak askatasunean antolatzen dituzte; gainera, euren garapen ekonomiko, gizarteko eta kulturala hornitzen dute.

Hiru dira autodeterminazioaren atal edo edukiak.

Lehena, herriaren autoidentifikazioarena.

Bigarrena, herriaren mugen autodefinizioa.

Hirugarrena, herriaren autoantolaketarena.

Etxeak ezin dira teilatutik hasita eraiki.

Gauza bera gertatuko litzateke, herri erabakimenari buruz hirugarren ataletik hasiko bagina; (...).

Argi dago herriak bere burua identifikatzeko eskubidea badu, bere mugak ezartzeko eskubidea ere baduela, non eta aldameneko herriekin gatazkan sartzen ez den bitartean behintzat.